Errua besteari botatzen dio ardurarik onartu nahi ez duenak, modu horretan eskuak eta, bidenabar, kontzientzia erraz garbitu ditzakeelakoan. Badira benetako arazoak ezkutatzeko beste arazo batzuk asmatzen dituztenak ere, eta, noski, errua besteari bota.
Enrique Mayari aditu diogu asteon delitu gehienak 'kanpokoek' egiten dituztela Iruñean. Are, bakarrik diren etorkin adingabeei egotzi die Iruñean indarkeriarekin omen dagoen arazoa. Mayak txisteratik ateratako datuetan oinarriturik dio segurtasunik ez dela berak agintzen duen hirian.
Agerikoa da alkate jaunak eskuin muturrera bira egin duela, Iruñean jende askok atsegin handiz sinetsiko lukeen uste xenofobo bat errealitate balitz bezala zabaltzen. Badaki jakin Iruñean nahiago izaten dugula txarra kanpokoari egotzi. Gogoan dut azken fundamentuzko sanferminen aurretik bolo-bolo ibili zen afixa bat. Herritar batek sortutakoa, eta askok han eta hemen zabaldutakoa. Bortxaketei egiten zien erreferentzia. "Ez baduzu errespetatzeko asmorik, ez etorri".
"Ez etorri"; mehatxua kanpotik heldu baita. 'Hemenogoek', jakina, iruindar petoek dena egiten baitugu zuzen eta ongi.