Pandemiaren gurpil zoroan bueltaka jarraitzen dugun honetan, geroz eta lagun gehiagori aditu diet zalantzak dituztela txertoaren hirugarren dosia paratzeko. Pandemia bat gainditzeko planak mundu mailakoa behar duelakoan, ez dute ulertzen zergatik paratu behar dugun guk hirugarrena, batzuek lehenbizikoa ere ez badute jaso.
Beñat Zaldua kazetariak desoreka lotsa emangarri hori azaldu du Osasunerako Mundu Erakundeak emandako datuak baliatuz. Europako bost herrialde garatuenetan errefortzu dosia jaso dutenak gehiago dira ia Afrika osoan bakarra jaso dutenak baino. Are, Hego Euskal Herrian 5,4 milioi txerto paratu dituzte. Afrikan txerto gutxien paratu dituzten zortzi herrialdeetan 5,2 milioi paratu dituzte.
Datuak eskandalagarriak dira. Gainera, nekez eginen diogu aurre pandemia bati ingurukoak bazter utzita. Hala ere, txertoen banaketa justu bat nahi badugu, beste zerbait egin beharko da. Supermerkatuetan sobran diren produktuek iraungita eta kontainerrean bukatzen baitute, ez gose direnen atarietan.