Doraemon

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2021ko aza. 25a, 14:38

Portalera jaitsi eta bizilagunak hasi dira nor bere botoa ematen. Ezetz atera da, ez dutela antena ukituko; hau da, bizilagunen gehiengoak erabaki duela etxe horretan ez dela ETB3 ikusiko. Ez, ez da metafora bat, nafar batek Twitterren salatu duen errealitate gordina baizik. 

Zentsuraren aldeko botoak eta euskararen kontrako jarrerak hauspotzen dituzte Sergio Sayas edo Ana Beltran eskuindarren gezur eta esajerazioek. Egun, ETB3 ez da ikusterik Sakanan edo Baztanen, eta hori 2022an konponduko dutela iragarri dute. Sutan paratu dira eskuindarrak, eta Doraemon bailiran, sakelatik ohiko dituzten trikimailuak atera dituzte abertzaleen mehatxuaren banderarekin errealitatea ezkutatzeko.

Irri egin dugu, eta, egia esan, irrigarria da haien jarrera. Katu kosmikoa, abertzalea ere bada? Zer darama Dorak motxilan? Haurren buruetan reset eginen omen dute Ene Kantakekoek. Kontua da esajerazio hori abisu bat baizik ez dela: "Kasu! Euskara normalizatzeko eman dezakezuen urrats txikiena ere baliatuko baitugu oihuka hasteko".

Bestalde, ez nau harritzen kezkaturik egotea. Aditu duzue Doraemonen hasierako kantaren gaztelaniazko bertsioa? Ba hori: Gora eta gora beti, Doraemon!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!