Bi zangoekin arazorik gabe mugitzen garenok erabat normalizaturik dugu ikastetxeen aurrean auto ilarak egotea goizetan, Sadarren partida dagoenean Arrosadia eta Azpilagaña auzoak autoekin inbaditzea edo elbarrientzat gordetako lekuetan tarte batez autoa uztea. Izan ere, bost minutu baizik ez dira.
Azken hori oso ohiko da, uste baino ohikoagoa. Horrekin kokoteraino, egoera salatu eta pedagogia egiteari ekin zion Juan Larretak duela ia hiru urte. Baimenik gabe elbarrientzako plazetan utzitako autoen argazkiak sareratzen ditu Okupas Motorizados egitasmoaren Twtitter kontuan. Egunero, batez beste, zazpi argazki igotzen ditu. Orain arte, ia 7.000 irudi izan dira.
Ibiltzeko arazorik ez baduzu, eta aparkatzeko tokirik ez baduzu aurkitzen, gogoratu: bi zango dituzu. Urrutiago aparkatu eta oinez etortzea, azken finean, bost minutu baizik ez dira.