Leioako kazetaritza fakultatean izan zen esperimentua. Jose Mari Pastor irakasleak kontatu du, Berrian: Sohütako gertakari bati buruzko albistea idazteko eskatu zien ikasleei. Askok Frantzian kokatu zuten Zuberoako herria. Zoritxarrez, gehiago harritu gaitzake Sohüta non dagoen jakin izanak, Frantzian paratu izanak baino.
Antzeko proba bat egin genezake Nafarroa Garaian, NUPeko ikasleei galdetuz ea non den Baigorri, non den Banka edo non den Urepele. Non hago? Zer larretan? Hitzei sobera erreparatu gabe afalondoetan gogaitu arte kantatu duten abesti bateko artzainaren herria izan liteke Urepele, edo talde bizkaitar baten kantako txoko txiki bat.
Igandean 45 urte bete ziren Xalbador hil zenetik. Atzendu beharko ez genituzkeen bere hitzetako batzuekin bukatu nahiko nuke gaurko minutu bateko manifestua: "Ni beheratar zendako deitu/ nerez banaiz orotarra?/ Goi ta beherik ez da enetzat, / Naparro bat da bakarra".