Identitatearen jabetza

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2021ko eka. 4a, 11:28

Harrapariak dira. Dena irentsita ere ase ezineko munstroak. Ekaina hastearekin batera haien sare sozialak ortzadarraren koloreekin margotzen dituzten horiek. Feminismo hitza auskalo zein emakumek eta zein baldintzatan egindako kamisetetako bularraldean estanpatzeko inolako lotsarik ez duten horiek. Beti edozein adierazpide edo ikur kolektibo pribatizatzeko prest. Merkatua da, adiskideok.

Badira bi hamarraldi Balenciaga jantzi enpresak palestinarrek ibiltzen duten kufiyya zapia pasarelan barrena atera ondoren, oihalgintzako erraldoiek haien erakusleihoetara eraman zutela. Identitate eta kultura baten adierazpidea merkatuak irentsia, suntsitua eta zapaldua.

Orain Mexikoko indigenen kulturaz jabetu nahi izan du Inditexek, mixtec kulturaren eta identitatearen jantzi adierazpide bat moda hutsal eta azalekoan bihurtuz. Balioz hustu eta etekin guzia atera ondoren, zaborretara botako dute.

Adierazpide kolektiboak (izan borroka batenak, izan herri batenak) ezin dira kapitalarenak izan. Identitatearen jabetzak copy left izan beharko luke: aitortu eta ez komertzializatu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!