Bazter batetik

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2021ko mai. 7a, 12:43

Udaletxe plazan harrabotsa zen nagusi atzo arratsaldean. Bazter batetik begiratu diet kamiseta horiak jantzita dituzten auzokoei. Kolonbiako herritarrak kalean hiltzen ari direla salatzen zuten; kantuz, oihuz, ozen. Jende asko dago, eta gehienek Kolonbia dute sorterri. Gure auzoetan bizi dira, baina ez ditut ezagutzen.
 
Urruti dituzte herrikideak, baina gertu sentitzen dute mina. Gertu ditugu auzoko kolonbiarrak, baina urruti sentitzen dugu haien mina.
 
"Badakit ez naizela hemengoa. Egunero esaten didazue", oihukatu zigun Laura Penagosek asteazkenean oholtza gainetik. Etorkinek ukatua duten tokitik, ukatzen diegun bozgorailua baliatuz. Bazterreko oihu bat erdigunean, eta zizta ikusleen bihotz bazterrean. Erruaren sentsazio mikatza une batez, pribilegioarekin bizitzearen erosotasuna besteen lepotik dela gogorarazten duen arantza txikia.
 
Bazter batetik begiratu diot Kolonbiari. Bazter batetik ikusi dut herritarrak jipoitzen, bortxatzen eta hiltzen ari direla han.
 

--

Iker Tubia

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!