Gazteak dira. Disidentzia politikoan aktiboki parte hartzen dute. Poliziak hilabeteak daramatza haien atzetik, sakelakoaetako solasaldiak ere zelatatu dizkiete:
-Joango gara frontoira
-Ez, hotza egiten du.
Solasaldi kriminalak, ezbairik gabe.
Kartelak paratu dituzte, bertso saioak antolatu, pegatinak gorde, manifestazioetan parte hartu...
eta atxilotu dituzte. Orain, haietako batzuk talde kriminaleko kide dira poliziaren hitzei jarraitzen dieten komunikabideentzat.
Film hau ikusia dudala iduritu zait. Déjà vu? Zoritxarrez gaizki bukatu izan dira halakoak, orain arte: gazte batzuk zigortuta besteak geldituko dituztelakoan. Zoritxarrez beldurra kontrola ezina da, eta bai, geldiarazi zaitzake. Kalera atera dira, hala ere, kalean ziren gazte batzuk.
Kriminalizazioa, muntaia, kartzela, sufrimendua. Nahiko genuke gidoi bira bortitz bat film honetan. Nahiko genuke askotan bizi izan duguna ez errepikatzerik. Baina ez gara inozoak: film hau askotan ikusi dugu; azkenengoz, Altsasun.