Hitz gogor batek baino min handiagoa eman dezake isiltasunak, ez esanda ere asko esan baitaiteke. Isiltasunak esaten dizu ezdeusa zarela, hutsala erabat. Isiltasunak esan nahi du ez duela axola, ez duela horretaz hitz egitea merezi. Isiltasunak esan nahi du galdu duzula, ez dizutela adituko, ez dela onartzen isildutako hori, denek isilean hala dela jakin badakiten arren.
Baina halako batean hausten da isiltasuna une batez. Play: "Kaputxak gardena izan beharra dauka, berak bizitza ikus dezan, eta heriotzaren sentipena izan dezan". Guardia zibil baten aitortza grabazio zahar batean. Eta, ondoren, isiltasuna berriz.
Torturaren kontrako manifestazioa eginen dute bihar Iruñean, eta, halakoetan ohi denez, agintariak arduratu dira trabak jartzeaz. Iruñeko Udalak, adibidez, ez die bozgorailuak paratzeko baimenik eman antolatzaileei. Aldarrikatu, bai, baina isilean. Oharkabean. Ezdeus.
Eta saiatu daitezke zapalgailu bat hartu eta gu guziak txikitzen, baina beti izanen da pintaketaren bat paretan, oihuren bat karrikan, dokumentalen bat zinema aretoan edo libururen bat apalategian. Eta saiatu daitezke zapalgailu bat hartu eta gu guziak txikitzen, baina beti izanen da norbait hemen torturatu dela gogorarazteko. Isiltasuna, une batez bada ere, apurtzeko.
--