Ispilua

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2021ko ots. 19a, 11:43

Zer eginen zenuke inor bizi ez den irla batean bazeunde? Parekoaren hautu eta ekintza politikoek deseroso sentiarazten gaituztelarik (guk ez baititugu hautu edo ekintza horiek egin) askotan botatzen den galdera da irlarena. Azken boladan trans legearen kontra imajinazio handiko argudioak ikusi ditut, irla horretan bukatzeko aukerak bezain probableak.

Baina, jolastu gaitezen. Irla horretara nik ispilu bat eramanen nuke. Ispilu bat nire burua ikusteko, baina baita inguruari begiratzeko ere. Ispilu bat nor naizen ez atzentzeko, eta nire eboluzioa ikusteko. 

Zapalduago dagoenari legeen bidez eskua luzatzerakoan, beti agertzen dira erreakzioetan beldurrak eta fobiak. Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzea euskara ez dakitenen kontrako inposizioa dela; kanpotik heldu denari eskubideak bermatzea bertakoaren kalterako dela; emakumeen eskubideak bermatzea gizonak baztertzen dituela edo trans legeak emakumeak desagerraraziko dituela. 

Ispilu bat ikusteko zure eskubideek ez dituztela besteak kaltetzen, eta besteenek ez dituztela zureak zapaltzen. Ispilu bat ikusteko Iruñean nerabe transexual bat jipoitzea ez dela kasualitatea. Ispilu bat transfobiari aurrez aurre begiratu, eta atzean nola uzten dugun ikusi ahal izateko. 

Irla honetan ez baikara bakarrik bizi.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!