Tunelean argia

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2021ko urt. 29a, 11:23

Nafarroako zenbait jendek nahiago gintuzke tunel batean sartuta: estaldurarik gabe, ikusezin eta isilik. Badira urte batzuk Yolanda Barcinari Madrilgo telebista kate ultraeskuindar batean denek genekiena eskapu egin ziola. Etxean bezala zegoen, eta irribarrea ahoan bota zuen ingelesaren bidez D ereduaren zabalpena gelditzen ari zirela.

Barcinaren ondorengoek eta haien lagun leial sozialistek ziriarekin jarraitu nahi dutela dirudi. Euskararen eskaintza murriztuko dute Iruñeko haur eskoletan, eta ingelesarekin nahastu. Murgiltzea oztopatzea, ez dute beste asmorik.

Hala ere, gurasoak aurrera ari dira, tunel iluna alde batera utzi nahian. Gaur 18:00etan kalera ateratzeko dei egin dute, adibidez. Bada baikor izateko motiborik: Erreniegako tunelaren bestaldetik heldu da argia. Gurasoen borrokari esker, heldu den ikasturtetik aurrera Mendigorriko haurrek D ereduan ikasteko aukera izanen dute herrian bertan.

Euskarazko eskaintza zabaltzea oinarrizkoa izan arren, hori ere ez dago bermaturik. Hor ere, herritarrek egin behar dute bultza. Beraz, ez ditzagun gutxietsi tunelean sartzen diren izpi txiki horiek. Garaipen txikiak ospatzeak ekar dezake argia. Zorionak Mendigorria!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!