Gure etxeko trastelekuan hamaika mozorro ditugu maletetan gorderik. Haietako asko garai batean jantziak ziren, baina mozorro bihurtu ziren modaren apetak direla eta. Gehien maite nuena soineko urdin estanpatu bat zen. Behin, etxean heldu dezente zirela, soineko hura janzteagatik irriak eta nire hautua irrigarri uzten zuten komentarioak jaso nituen mahaian ziren zenbait gizon helduren ahotik. Emakumez mozorrotzea ere!
Orain pentsa mutiko batek mozorrotzeko ez eta kalean ibiltzeko janzten duela gona. Klasera horrela jantzita joaten dela, eta ingurukoen irri eta isekak jasan behar dituela. Horrekin aski ez, eta matematikako irakasleak eskola gelditu eta psikologora bidaltzen duela. Eta psikologoak galdetzen diola: "Zer sentitzen zara: neska edo mutikoa?". Eta erantzuten diola berdin zaiola, baina, derrigortuz gero mutikoen kutxatxoa markatuko zuela.
Bada gertatu da, Bilboko ikastetxe batean. Eta zenbait eskolatan elkartasun keinuak izan badira ere, hilabete barru mutiko batek ezinen du lasai eskolara edo kalera joan gona jantzita. Akaso inauterietan, eta, beti ere, emakumeez trufa egiteko bada.