Tabernen kultura

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2020ko urr. 16a, 11:31

Enrique Mayak dio Iruñean neurriak zorroztekotan, Iruñerri guzira zabaldu beharko liratekeela mugak. Askoren mina, zoroen atsegina. Alkate jaunak badu zertaz kezkatu gainerako herrietan muturrik sartu gabe.

Zorrozten ari diren neurrien artean daude ostalaritzari eragiten diotenak. Tabernen kultura oso barneraturik dugula ez dut gezurtatuko, ni ere taberna zalea bainaiz. Beraz, argi dago %30eko edukiera onartuta, ostatu zale asko lokaletik kanpo geratuko garela.

Ez dudana ulertzen da zergatik mugatu duten modu berean antzokietako, liburutegietako eta zinema aretoetako edukiera. Norbera bere tokian, distantzia hartuta, maskara ahoan eta isilik egiten diren kultura jarduerek zer arrisku dute?

Katalunian ostatuak itxi dituzte, eta kultura jardueretan %50eko jende muga jarri. Nafarroan, mugen berri ematearekin batera esan zuen gobernuak ostalariekin bilduko zela. Mayaren logikari jarraikiz baizik ezin dut ulertu halako mugarik: denak izorratuta batzuk kexatuko ez direlakoan.

Bada, ez sartu kultura aisialdiaren zakuan, faborez, tabernen kulturaz mintzo bagara ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!