Alexia

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2020ko eka. 12a, 11:48

Alde Zaharrean izan da. Jendea hori egia dela segurtatzera edo sakelakoarekin argazki edo bideo propioa egitera erakartzen duen gauza ezdeus horietako bat da. Terrazak irekitzeko seinalearekin batera atera da robot bat tabernaren atarira. Ustez, langileak laguntzeko. Baina motela da, ez dirudi taberna baten erritmoa jarraitzeko gai denik. Kuxkuxeroak eta komunikabide asko erakartzeko gai da, ordea.

Alexia robot zerbitzari bat da. Pantaila babesle bat ere jarri diote buruan, kutsatzeko arriskurik batere ez badu ere. Baina harrigarriena (edo ez) bere itxura da: gona moduko bat, titiak... emakume gorpuzkeraren tankera eman nahi izan diote.

Unescok iaz egindako ikerketa batean argi ikusi zuen ahots laguntzaileek emakume doinua izaten dutela. Ez beti, autoetan ohikoagoa da gizonarena. Aginduak ematen dituzten robotak gizon, aginduak bete behar dituztenak, emakume. Ahots neutroen alde egiteko gomendatu zuen Unescok, genero binomioa hauste aldera. Egia esan, buruan pantaila babeslea paratzea bezain zentzugabea da robot bati titiak eta gona paratzea. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!