Oso latza izan da. Lau hitz aski izan zituen Joxe Arregi Izagirrek poliziaren eskutan pasatakoa garbi adierazteko. Torturen ondorioz hil zen ospitalean 1981ean.
Aztnugal. Laguntza, alderantziz idatzita. Hitz horrekin inkomunikazio garaian jasandako torturen salaketa polizia deklarazioan artxibatu zuen Jon Patxi Arratibelek 2011n.
Ohiko praktika izan da tortura Euskal Herrian. Azken 60 urteetan poliziak 5.657 euskal herritar torturatu dituela egiaztatu du Euskal Memoria Fundazioak. Askoz ere gehiago izan direlakoan daude.
Atzo torturatzaile frankista bat hil zen. Billy el Niño ardurarik gabe hil da, zigorgabe, frankistek ohi duten bezala. Are, sariturik hil da, dominak paparrean, torturatzaileek ohi duten bezala.
Torturaren biktimak ez dituzte aitortu, ez dituzte lagundu. Torturatzaileek egin dutena oso latza izan da, eta ez dute inoiz zigorrik jaso.