Zirkua martxan

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2020ko api. 24a, 12:42

Igandetik aurrera 14 urtetik beherako haurrek etxetik ordu batez ateratzeko aukera izanen dute. Erabaki hori hartu dutenei galdetu diete ea zer gertatzen den 15 eta 17 urte artekoekin. Haiek ez dutela mandatuak egitera joateko arazorik erantzun dute, beraz, kalera ateratzen ahal direla.

Etxeetan giltzapetu gintuztelarik esaten zuten ahalik eta gutxien ateratzeko etxetik. Erosketa astean behin edo bitan egiteko. Orain, haurrek egunero izanen duten ordu horrekin parekatuta, iduri luke erosketak (edo bankura joatea eta abar) direla kalera ateratzeko modua. Ordu betez kalera ateratzeko aukera izanez gero, jende gutxiago pilatuko litzateke denda itxietan, baina, ez dira gutaz fio. Haurrak bagina bezala tratatzen gaituzte.

40 egun daramagu isolaturik, baina lasai, dagoeneko prestatzen ari dira jendea entretenitzeko betiko errezeta. Espainiako Futbol Ligak testak eginen dizkie jokalariei eta abarrei. Bai, testak. Guk metro eta erdiko distantzia mantendu beharko dugu ilaretan, eta etxeko sofatik ikusten ahalko ditugu hogeita bi gizon zelai batean listua, izerdia eta igurtziak trukatzen. Zirkua martxan da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!