Txoriak

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2020ko mar. 27a, 14:26

Txoriak aditu ditut hirian. Txoriak baizik ez. Isiltasuna sigi-saga barreiatu da hiriburuan. Ikusi ezin dugun birus ñimiño batek eragin ikusgarria izan du. Ez da inor kalean. Ia inor ez.

Ospitalean ez da txoririk aditzen. Ospitalean erien eta osasun langileen joan-etorri urduriak aditzen dira, beldur zirimola batean.

Autobus hutsek zeharkatzen dituzte errepideak. Fabrika askotan ere ez dira txoriak aditzen. Makinen harrabotsa da nagusi, eta langileak pilatzen dira babes neurriz gabeturik.

Mundua hein handi batean gelditu da, baina ez dira gelditu zaintzaileak. Gelditu litezke mila jarduera ekonomiko, baina bizitza gelditzen ez den bitartean, ezinen dira zaintzak gelditu.

Polizia harrotu egin da eta militarrek karrikak okupatu dituzte beste behin ere. Indarkeriaren monopolioa inposatu digute. Gerra dabil politikari nazionalisten ahotan.

Birus ñimiño batek hankaz gora jarri du gure bizitza eta txoriak aditu ditut hirian. Txoriak baizik ez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!