Mendebaldera so, ikusi dut senatari bat biblia eskuetan gobernu jauregian sartzen eta bere burua Boliviako presidente izendatzen, parlamentuaren babesik gabe. Ikusi dut presidente baten etxean ebasten, politikarien etxeak eta udaletxeak suntsitzen, ordezkari publikoak bahitu eta ilea moztuta 'paseilloan' eramaten. militarren armen aurrean dimisioak bata bestearen atzetik ematen. Ikusi dut whipala uniformetatik erausten, elkarbizitzarekin eta indigenen duintasunarekin batera erretzen. Ikusi dut horri ez diotela estatu kolpe deitzen, Katalunian sedizioaz, matxinadaz eta estatu kolpez mintzo direnek. Ikusi dut herri bat Bolivia plurinazionala defendatzeko prest. Etxera so, ikusi dut ikurrina, eta, harekin batera, euskal herritarren duintasuna kolpatzen. Ikusi dut pailazo euskaldunen emanaldia debekatzen, eta gure testuliburuak salatzen. Ikusi dut euskaldunen eskubideetan 20 urte baino gehiago egin nahi dutela atzera, ikusezin nahi gaituztela. Ikusi dut kolonialismoa ez dela aspaldiko kontu bat.