"Nafarroako banderak batzen gaitu". Hori izan da Nafarroako eskuinak legegintzaldi honetan etengabe astindu duen leloa. Behin eta berriro esan digute, esanaren esanaz esaldia egi bihurtuko zelakoan-edo. Baina ez da hala. Zenbat buru, hainbat bandera (eta sinbolo) ditugu Nafarroan.
Beraz, zer da batzen gaituena? Esanen nuke ez dagoela nafar guzi-guziak batuko gaituenik. Tira, nafar izatea bera, agian, eta hori ere ez dakit hala denetz.
Astelehenean han eta hemen aditu nuen mantra: "nafar guziak batzen gaituena", baita Uxue Barkosen ahotan ere. Osasuna lehenbiziko mailara igo zen Albacetek galdu zuelakoz, eta lololo-ek Alde Zaharreko kaleak hartu zituzten gaueko ordu txikiak arte. Dirudienez, derrigorrezkoa zen poztea, baina ni ez ninduen hunkitu. Etxe azpian parrandan ziren hooliganek baizik ez zidaten loa galarazi.
Denak batzen gaituenaz baino, ez ote garen ari denak batzea nahiko genukeenaz.