Oin punta lurrean biraka. Bestea. Belaunak berotu, gerria dantzan. Lepoa alde batera, bestera. Salto bat bestearen atzetik. Zain.
Zurrumurrua inguruan, tximeletak sabelean. Auto bat urrunean. Ez, pasa da. Beste auto bat: "Badator, badator", oihukatu dute. Belauna tolestu, zangoa eskuan hartu. Berotzen baino, zain.
Musikaren baxuak aditzen dira urrunean; melodiaren notak, gero. Badator harrabotsa. Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa.
Lekukoa gidari, mezu sekretu bat itsu-itsuan babesten duten zoro zoragarriak. Herri bat, bildurik; herri bat, aurrera: Euskararen herria. Ehunka lagun euskalduntze bidean. Milaka urrats errepidean. Herri euskalduna da helmuga. Bidaia ona izan, Korrika!