Egunkariari so aurkitu du albistea. Iruñeko Udalak hiriaren bizitza euskaldundu nahi duela. Geltoki, Antzara, Trebatu, Hiriartea, Harrotu... ene bada! Inposizio erabatekoa! Egunkaria besapean hartu, eta begirada goratu du tabernako atarian: Café Iruña. Sakelean gordetzen du Oberena klubeko karneta, eta bere futbol taldearen egutegia: Osasuna. Bazkaria du gero Napardin, Iruñshemes peñako batzuk ere bilduko dira otordura. Azpilagañan bizi da, Mendebaldean eta Buztintxurin ditu seme-alabak. Etxeberria Mitxelena bere abizenak. Ez daki tutik ere euskaraz. Noiz inposatu zioten euskara? Oharkabean?
Euskara isilka sartu dutela dio Diario de Navarrak. Baina ez, aspaldi zegoen hemen. Ekuazio eskuindarraren adarrek nahi edo ez. Kontua da, euskararen kontrako neurriek euskara isilka desagerraraztea zutela helburu. Baina oposizioan, ezin izan dute ahapeka zokoratzen jarraitu. Ahoberoak.