Atzo, Euskararen ordenantzari hasierako onarpena eman zion Iruñeko Udalak. Euskara berezko hizkuntzatzat hartuko du ordenantza berriak.
Gaur, Iruñeko udal langileen %6ak du euskara profila. Haur eskoletako irakasleak kenduta, %3ak baizik ez. Euskararen ordenantza berriarekin postuen %25ean eskatuko dute euskara Aritz Romeo zinegotziak azaldu duenez.
Gaur, Iruñeko Udalaren irudi korporatiboan euskara txiki eta gris ageri da, Pamplona handiaren azpian. Ordenantza berriarekin, dirudienez, hori ezinen dute egin.
Gaur, udaleko komunikazio asko gazteleraz jasotzen ditugu euskal hedabideok.
Gaur, poztu naiz hizkuntza eskubideak bermatzen hasteko eman den urratsarekin. Baina ongi gogoan dut urrats anitz falta direla oraindik. Eta kezkatu naiz, ia legegintzaldi osoa behar izan delako ordenantza berri bat izateko.
Gaur, 107 egun geratzen dira hauteskundeetarako.