Itxaron gelan

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2019ko ots. 1a, 12:29

Mediku-paziente harremana berreskuratzea. Horixe omen da Nafarroako Medikuen Sindikatuaren eskari nagusia. Greba egin zuten asteazkenean, eta paroekin jarraituko dute hilabete honetan. Noski, langileen egoera hobetzea onuragarria izanen da pazienteendako, baina, harritu nau aldarrien zentroan langileak ez jarri izana.

Dena den, are harrigarriago zait mediku-paziente harremana berreskuratu nahi dutenen deialdian puntu hau biltzea: "Euskara eskakizuna deuseztatzea". Ez da euskararen kontra agertzen diren lehenbiziko aldia. Iazko ekainean euskararen kontrako manifestazioarekin bat egin zuen sindikatu honek. Orain, greba deitu du, hauteskunde aurreko giroan.

Nekez berreskuratuko dute mediku-paziente harremana, pazientearen hizkuntza gutxiesten edo, zuzenean, zokoratzen duten bitartean. Bien bitartean, mediku euskaldunik gabe dira Nafarroako euskaldun gehienak. Pazienteek badugu sobera pazientzia, eta Medikuen Sindikatuak nahiago gaitu itxaron gelan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!