Ortzadarra

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2019ko urt. 25a, 11:48

Joan den astean Marisol Larrion militante nekaezinari elkarrizketa egiteko pribilegioa izan nuen. Hamaika istorioren artean, bat aipatu nahiko nuke. Esan zidan, txikitan, mutikoa izan nahi zuela. Berez, anaien eskubide eta askatasun berak nahi zituen berarentzat. Izebak zera esaten zion: "Redondo mendira igo, ortzadarra ukitu, eta mutiko bihurtuko zara". Saiatu zen, baina ez zuen behin ere lortu.

Egunotan Internet bidez konturatu naiz Euskal Herrian ohikoa zela uste hori. Gipuzkoako Araotzen eta Erronkariko Uztarrotzen jaso izan dute, adibidez. Jose Maria Satrustegiren Comportamiento sexual de los vascos liburuan ere ageri da, sexua aldatu nahi zuenak, ortzadarra ukitu behar zuela adar batez.

Ortzadarra ukitzea ezinezko zaigu, baina, transexualitate egoeran diren adinez txikikoek, zorionez, badute nora jo. Chrysallis aritu da horretan 2015etik Hego Euskal Herrian. Bihar, elkarteko ordezkaritza izatetik, berezko elkarte izatera pasako da, dagoeneko ehun familia inguru biltzen baititu. Ehun familia ortzadarraren babesean dantzan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!