Urtarrilak 18 ditu dagoeneko, hilabete erdia pasa zaigu. Batzuek pentsatuko duzue: hara, oharkabean pasatzen da denbora. 2019a ez da salbuespena izanen.
Kontua da, denbora berehala pasatzen dela, eta merke ari garela saltzen. Bizitzeko dirua behar dugula eta, diru truke eskaintzen dugu bizitza honetan dugun bakarra. Eta garesti ari gara ordaintzen, gainera. LABen datuen arabera, iaz 68 langile hil ziren lan istripuetan, Euskal Herrian. 2014tik etengabe goranzko joera izan dute datu horiek.
Prekarietatea eta segurtasun falta. Enpresari eta instituzioek ez diete afera horiei heldu nahi. Aurtengo 18 egunetan 3 lagun hil dira lanean. Azkena herenegun, Martzillan. 25 urteko larragarra. 25 urte. Eta urtea hasi baizik ez da egin.
Gutxienekoa beharko luke lanetik atera eta etxera bizirik ailegatzeko aukera izatea.