Egun beltzak izan ditugu Alde Zaharrean asteon. Berriz ere argi urdinak, kale itxiak, borra eta pilota dantza, zaurituak, amorrua, oihuak, malkoak eta hormigoi hotza. Ikuskaritzaren aitzakiarekin Maravillas gaztetxea hustu du Nafarroako Gobernuak. Ederki hustu ere, zorua ere eraman baitute.
Segurtasunaren izenean muntatu dute polizia operazioa. Segurtasunik ez da izan, aitzitik, kalean protestan ari zirenentzat eta kazetarientzat. Ezta negozioa edo bizitokia Nabarrerian dutenentzat ere. Ezin politikarien hitzak segurtasunez sinetsi. "Ez da hutsaraztea izan", esan dute. "Foruzainek ez dute balkoien kontra tiro egin".
Segurtasunik ez da gaztetxe baten iraupenari buruz. Iragankorrak dira gune autogestionatu horiek. Ez dute jabetzarik, ez dute jabegorik. Horregatik, ez nau beldurtzen negu hurbilak, segurtasuna baitut udaberria etorriko dela berandu baino lehen. Loratuko da Nabarreriako loretxoa.