Aste honetan Alberto Barandiaranek aitortu zigun belarriprest izanen dela. Ez dakiela erabat ulertu ote duen afera, baina hala izanen dela. Nago ongi baino hobeki ulertu duela Euskaraldiaren zentzua. Ez nago hain seguru, ordea, jende guziak ongi ulertu ote den. Antolatzaileek kezka zuten, jendeak rola ez ote zuen aukeratu ezagutzaren arabera, hartu beharreko konpromisoaren arabera baino. Ahobizi anitz baititugu, eta belarriprest gutxi.
Bada, atzo, parlamentuaren atarira atera ziren zenbait alderdi politikoetako ordezkariak Euskaraldiarekin bat egiteko. Horiek ere, ez dakit ongi ulertu duten zentzua. Izan ere, Euskaraldia ez da euskararen aldeko jarrera bat. Euskaraldia ekintza da, euskaraz bizitzeko konpromisoa. Gogora etorri zait 2015eko hauteskunde kanpainan koalizio bati egindako galdera:"Parlamentuan soilik euskaraz mintzatuko den hautagairik bada zuen zerrendan?". Ez zuten erantzun. Bestela formulatuko dut gaur: Euskaraldiak irauten duen egunetan norbait ariko ote da soilik euskaraz Nafarroako parlamentuan?