Nork bere ohiturak, nork bere maniak. Hau agian ez da hemen kontatu beharrekoa, baina, tira, eginen dut. Detaile txikietan gordetzen da bizitzaren xarma, eta horietako bat, niretzat, Argia aldizkaria etxean jaso, plastikotik atera, eta bere orrialdeek zabaltzen duten lurrinaz gozatzea da. Bai, menpekotasun hori dut. Arazoa da azkenengo aleetan ez dudala nire gogoa asetzerik izan, dagoeneko ez baitu lehengo usain bera.
Dena den, badira informazioari loturiko usain gehiago nire bizitzan, noski. Adibidez, goizean goizeko kafearen usainak beti izan ohi du irratiaren soinu banda lagun nirean. Eta hor da 30 urtez Iruñerriko uhinak euskaraz urrindu dituen irratia. Hau berau. Sasi guzien azpitik, eta hodei guzien gainetik ibili dena. Batzuetan, agian, alderantziz ere bai. Dena dela, aunitz urtez Euskalerria irratia eta esker mila iruindar euskaldunoi mikrofonoa zabaltzeagatik. 30 urte. Usaintzen duzue? Maite dut garaipen txikien usaina goizetan.