Gorka Urbizuren argazkia, oholtzan, behatz erakuslea agertuz, ekaitzaren iragarpen gisa. Mezu bat: "Haters gonna hate", heldu da gorrotoa.
Lekunberriko taldeak MTVren jaialdian joko zuela iragarri aurretik jarri zuen mezua sare sozialetan. Ongi zekiten erabakiak hautsak harrotuko zituela. Etorri dira kritikak, eta berehalaxe atera da zale-sutsu saldoa taldearen defentsan itsuan, Berri Txarrakek publikoari eskaintzen diona publikoak baloratu ezinen balu bezala.
Arazoa ez da euskal talde batek horrelako jaialdi batean parte hartzea; Berri Txarraken gisako talde batek parte hartzea baizik, beren ibilbide osoko jarrera eta diskurtsoa alde batera utzita. Noski, nahi dutena egiteko libre© dira (libre, copyright ikur eta guzi). Baina ongi legoke azalpen bat ematea, behatz erakusletik harago.
Izan ere, orain urte batzuk, rock and rolla salbatzen dutenen kontzertuan jotzen baino, kanpoan irudikatuko nituzke, MTV kontra-programatzen. Milaka lagun musika komertzialaren erregeari bizkar emanda jarriz. Baina, bihar, San Mamesen ariko dira.
--