Morea erakusleihoan

Erabiltzailearen aurpegia Iker Tubia 2018ko urr. 5a, 12:31

Zergatik ez diozue harrerarik egiten alarde parekideari? Gaur goizean Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ezin izan dio horri erantzun Euskadi irratian. Edo ez du nahi izan. "Administrazioek ez dute dena arautzeko eskubiderik", dio. Plastiko beltzezko horma lotsamangarria gogoan dugun honetan, emakume dantzariak txalo eta biba artean atera dira Iurretako plazara, lehenbiziko aldiz. Gehiago dira gatazkarik gabeko kasuak, foku gutxiago izanagatik ere.

Bien bitartean, Baztango Batzar nagusiak mutil dantza baztertzailearen kontra agertu dira, baina deklarazio bera ez du onartu Baztango Udalak. Boto kontua. Hondarribian bezala. Eta orduan konturatzen gara, alderdien eskuetan feminismoa ez dela propaganda politikorako makillaje huts baizik. Edukiz hustuta, erakusleihoan eder ageri dela morea. Bada, Olanok Kataluniako El Vendrell herrira bidaiatxo bat egin dezake. Han, Deabruen Dantzak debekatu dituzte, emakumeak baztertzeagatik. PP debekuaren kontra agertu da, PSC eta PdeCat abstenitu. Ezagun egiten zaizue?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!