Joan den astean ETBk erreportaje bat eman zuen Altsasuko aferari buruz. Guardia Zibil batek gazteen zigor eskari gogorrak justifikatu zituen. Bere aburuz, Guardia Zibilaren helburua gizartea babestea da, eta, beraz, guardia zibila izateagatik haietako bat kolpatzea, gizarte osoari eraso egitea da. Hori esan zuen, bai.
Bestelakoa da egoera Guardia Zibil batek, ustez gizartea babestu behar duen horietako batek, gizarte horretako emakume bat taldean bortxatzen badu. Hau da, babestu behar duenak eraso egiten badu.
2016ko sanferminetan nagusiagoak eta handiagoak ziren 5 gizonek 18 urteko emakume bat inguratu zuten toki txiki batean, ihesbiderik gabe. Ez zuen sexu harremanik izan nahi. Ezin zuen erreakzionatu, ikaraturik zegoen eta mina adierazi zuen oihuekin. Ez diot nik, sententziak dio. Beraz, bortxaz izan zuen sexua haiekin,baina, antza, hor ez zen indarkeriarik izan. Horregatik epaileek abusutzat hartu dute. Dirudienez, menpekoek menperatzaileen kontra erabiltzen dutena baizik ez da indarkeria.