"Koxka ez da taberna abertzale bat, jende normala joaten da". Hori da Altsasuko auzian guardia zibil batek deklaratu duena. Jende normala da. Kontua da, esandako hori oharkabean erabat onartua dugula. Aski ongi dakigu zer den normala, eta zer ez. Horregatik esan behar da Altsasun ez dela inolako arazorik polizia militarrarekin. Horregatik ezin da adierazi Guardia Zibilek Euskal Herritik ospa egin behar dutela. Horregatik Auzitegi Nazionalean ezin duzu onartu mugimendu politiko batzuetan parte hartzen duzunik. Horregatik ezin da auzi honekin gertatzen ari dena ozen salatu jarraian ustezko erasoa arbuiatu gabe.
Bada normala den beste zerbait: ustez neutral izatea. Ez ezkerreko, ez eskuineko. Ez zuri, ez beltz. Ez terrorismoa, ez taberna bateko liskarra. Elie Wieselek honakoa esan zuen Bakearen Nobel Saria jasotzean: "Neutraltasunak zapaltzaileari egiten dio mesede beti, inoiz ez zapalduari". Zapaltzen gaituztela? Normala.