Bideo berria sareratu du Kataluniako Omniun Cultural elkarteak. Espainiako justiziak adierazteagatik edo informatzeagatik auzipetu edo zigortu dituen lagunak ageri dira. Bukaeran mezu bat: "Hurrengoa zu izan zaitezke. Defendatu zure eskubideak". Egia da, hurrengoa zu izan zaitezke, edo ni, edo Espainia eta bere erregimena zalantzan jartzen duen edonor. Hala ere, ez dut mezua maite.
Ulertzen dut, indibidualismo garaiak bizi ditugu, eta norberari dei egitea mezua barneratzeko modu eraginkorra izan daiteke. Baina bide horri jarraituta, dena galdu dugu. Isildu eta, batik bat, txikitu nahi gaituen aparatu oso baten aurrean ezin da banaka erantzun. Elkartasunak ez du ulertzen bigarren pertsona singularra, beti mintzo da pluralean.
Erdialdeko Gazteek ere protesta kanpaina abiatu dute, Altsasuko gazte auzipetuei babesa adierazteko. "Gaur Altsasu, bihar zu!", dio haien leloak. Bada, agian bihar ez zara zu izanen, baina bihar kalera atera behar gara, ez bakarrik zuregatik, gu guziongatik baizik.
--