Neguko bestetan murgildurik daramagu hainbat aste, baina aste asko ditugu aurretik, oraindik ere. Kalean hotz eta gorputz barnean bero, horrela igaro ohi ditugu inauteriak Euskal Herrian. Maskarak janzteko tenorea da, mozorroa soinean eramatekoa. Aratusteak ailegatu dira, arau hauste egunak, gizarte hipokrita honek ezartzen dituen mugak lausotzen diren aroa.
Hainbatek maskararen babesa probestuko du ezarritako arau sozialak urratzeko. Primeran. Afera da, inauterietan ere badirela marra gorriak. Ez baita gauza bera errepresio soziala pikutara bidaltzea, edo anonimotasuna erreprimitzeko erabiltzea. Ez, inauteriak ez dira sexu erasoak zuritzeko egunak, inori parte hartzea debekatzeko egunak edo parekoaren askatasuna norberaren kapritxoen kontura txikitzeko egunak. Ez lukete behar. Ez eman aitzakia merkerik. Ez da maskara. Zu zeu zara.