Interneteko webgune batean Iruñean zirkulazioan dauden villavesak ikusi daitezke. Unean-unean villavesa bakoitza non dagoen jakin dezakegu. Dibertigarria da, baina niri beldur pixka bat ere eman dit. Black Mirror telesaileko atal baterako eman dezake aferak. Webgunea ez zuten erabilera makur baterako eginen, baina, erabilera makurra egin liteke.
Beste webgune batean, beste mapa batekin egin dut topo. Iruñeko Alde Zaharreko kamarak kokatu dituzte han. Kaleak zelatan ditugula dirudi. Alde batera eta bestera begiratu zenezake. Kolpean, erabateko kontrola sentitu. Ongi etorri 1984ra! Babesteko jarri omen dituzte. Baina nor babesteko? Norengandik?
Bi mapa horiek ematen dute zer pentsa. Bueno, egia esan, ez dakit oso ongi zer pentsatu. Are gutxiago eskua sakelan sartu, eta konturatzean, horretarako erosi ez banuen ere, une oro grabatzen eta lokalizaturik nauen gailu bat daramadala soinean.