Kaiolan kantari gogoratzen dut Piolin. Ahots jasanezinez esan ohi zuen: «Katu eder bat ikusi dudalakoan nago». Hori aditu bezain pronto, katua zentzurik gabeko hamaika trikimailurekin saiatzen zen txoria harrapatzen. Ondorioa: katua zauriturik eta txoria kantari. Antzekoak ziren koiotearen eta bide lasterkariaren pasadizoak. Bide lasterkaria harrapatzeko koioteak estrategia bakarra zuen: ACME dinamita. Indarkeria, alegia. Kontrakoa lortzen zuen, bere burua zauritu ez besterik. Katalunian tentsioak gora egiten du egunetik egunera. Espainiak katuaren trikimailuen alde egin du, eta, azkenik, koiotearen estrategia baliatu: indarkeria. Pertsekuzioa ez da bukatu, baina, agian hobe lukete txikitako marrazkiei kasu pixka bat gehiago egin. Piolin, Koiotea, Lucas ahatea eta konpainia ferrytik dituzte begira. Han gordetzen dute ACME lehergaia. Ikusiko dugu leherketak nor zaurituko duen.
Hau ez da dena izan, adiskideok.