Ez dut politikari buruz gehiago hitz egin nahi, agostazo, abuztukada, ekainkada eta gisa honetako ostikadak burura etortzen zaizkidan arren. Errealitatetik alde egiteko beharra dut, ihes-nahia, duela ehun urteko modernista flipatuen moduan. Hori dela eta, Star Wars filmak telebistari lotu eta estratosferatik gora joateko ahalegina egin dut. Izarren artean, hor daude Inperioko indar ilunak oldartuak Errepublika Galaktikoaren kontra. Filmaren lehendabiziko bost minutuetan Barkoseko Leia printzesak borroka galdua du, Sith ilun motroiloia gainean dituela. Ordu laurdena pasatu aurretik, Asiron Skywalkerrek ezin izan dio Maya Nihilusiri aurre egin, Darth Txibitiusek segada egin diolako. Orduan, PedroSanchinez Kantzilerrak iluntasun unibertsala ezarri du Inperioa berreskuratuz. Hau tristura…baina, itxoin! Hara! Hor doaz Hobe-bat-ta-ez-bi eta Onki-xin jedi abilak, behingoz, batuta, Errepublikaren aldeko gamathada antolatzera!