Bakea eman dezaken lurrak sakonki ezkutatu dezake norberaren maitea, aita, ama, seme-alaba, laguna, maitalea. 1937an milaka lagun bazter zokoratu batean erail eta mesprezuz hobiratu zituzten pistolariek bazekiten ongi zertan ari ziren. Batetik, arerio politiko, sozial edo afektiboa aurretik ezabatzen baina bestetik haien senideei lur busti, itsugarri eta itogarria botatzen ari zitzaizkiela ere jakin bazekiten. Laurogei urte baino gehiago, arnasestuka, lur gorria gainetik kendu ezinik eman dituztenek atzo izengabeko kutxatxoak besoetan hartu eta Iruñeko hilerriko hobi jakin batean atseden hartzen utzi dituzte. Amore eman ez dutelako, amore eman ez dugulako, azkenik, hor nonbaiten galdutako bihotzei lur epela eman diete. Literalki zapalduak izan zirenen familiek, poliki baina etenik gabe, lurra puskaka gainetik kentzen segitzen dute eta atzo berriz erakutsi zuten maitasun indartsua inoiz ez dela zanpatua.