Jon Ander Cob kartzelaratutako Altsasuko gaztetako bat da. Bera ez da nirekin oroituko baina txikia zenean ezagutu genuen elkar. Laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, bere amarekin, Amaia Amilibiarekin, Leioako Kazetaritza Fakultatean ikasi nuen; ikaskide maitagarria, jatorra eta bitxia genuen. Hile kizkur kizkurra, urrats lasaiak, begirada ameslaria, gustura asko solasten ginen berarekin. Bi mila eta lauan edo, Altsasuko Guaixe aldizkarian eta Etxarri Aranatzko Beleixe irratian tartetxo batez lan egin nuen. Han, berriz, Amaiarekin elkartu nintzen; beti bezain maja bazkaltzera gonbidatu ninduen eta Jon Ander mutikoa ezagutu nuen.
Pasa den igandean, bideo batean ikusi nuen gure gaztetako laguna. Arima zulatua, minberatua, Jon Anderrekin egiten ari diren injustizia irentsi ezinik dagoela bistakoa zen. Bi minutu eskas irauten duen bideoak negarrez utzi ninduen, mikatz, kezkatua. Igandean jaso zituen hirurogei mila besarkadei nirea gehitu nahi diot eta asko maite dudala gogorarazi eta Jon Ander zure ikaskide guztien semea pixka bat ere dela adierazi.