Arrakasta borobila izan zen Martxoaren 8ko greba. Milaka eta milaka lagun lanari utzi eta kaleetara atera ginen feminismoa guztiontzako sendagai frogatua dela aldarrikatzeko. Ostiralean bertan, sare sozialek, irrati-telebistek eta egunkari digitalek bildutako jendetzaren berri eman zuten, arrakasta biderkatuz. Bikain! Informazio agenda eta kazetariak alde ditugu eta aurrerantzean ere horrela izan dadila, trabarik egiten ez duenak asko laguntzen baitu. Gogoan izan dezagun, duela laupabost urte arte, Martxoaren 8ak oso oihartzun gutxi izaten zuela. Esate baterako, 2014ko martxoaren 9an, El Paisen azalean ez zen Emakume Langilearen Nazioarteko Egunari buruz hitz bakar bat ere agertzen. Urte berean, Diario de Navarrak ere nahiago izan zuen azaleko izenburua asteburuetako mozkorraldiei eman, manifestazioari baino. Kokatzeko diot ala gehiegi “kokatu” ez gaitezen.