Maitek eta biok inprenta zaharrak adoptatzen ditugu. Garai digitalean, hau da, pantaila argitsu, teklatu goxo eta plastikozko inpresoren egunetan, gu papera, beruna eta burdinarekin maiteminduak gaude. Oso emakume sentimentalak gara eta tona erdiko makinak, gilotinak eta berunez beteriko armairuak ekartzen dizkigutenean amatasun instintua piztu, atxikimenduaren hazkuntza garatu eta txitoak balira gure hegaletan hartzen ditugu tipoak. Bihotza ireki eta tipometro, glifo, apaingarri, inposizio, txibalete eta Minervei sukalderaino sartzen uzten diegu. Joan den larunbatean berun-kume berriak familian hartu genituen; hizkiz beteriko hogeita hamar bat kajoi gehi laupabost kutxa. Horietako bat irekitzerakoan eskuz egindako tanpoiak topatu genituen, tartean, lauburuak eta Euskal Herriko armarriak. Aspaldian ikusi gabekoak guztiak, akaso, aro digitalak burdin aroko gure sinboloak ere irentsi egin dituelako?