Zalantzaz gainezka natorkizue gaur; gizakia naiz eta emakumea, hortaz, ziurtasunak Olinpoko jainkoei uzten dizkiet. Gatoz harira, Maravillas Gaztetxea dela eta Twitteren eta hemendik eta handik irakurtzen ari naiz Foruzaingoak gomazko pilotak erabili dituela manifestarien kontra egiteko. Aldiz, hemeroteketan begiratuz gero, hain zuzen ere, 2016 urteko udaberriko berrietan, urte horretatik aurrera Foruzaingoak material hiltzaile hori ez zuela erabiliko esaten zen. Besteak beste, apirilaren 15ean Berria egunkariak honela zioen: “Gomazko pilotak "bezain oldartzaileak" ez diren beste tresna batzuk erabiliko ditu Nafarroako Foruzaingoak, aurki”. Hiru hilabete geroago, uztailaren 14ean, Beaumont kontseilaria Iñigo Cabacas zenaren gurasoekin izan zen Europako Parlamentuan gomazko piloten kontrako ihardunaldi batzuetan. Hau jakinda, inori ez zaio arraro egiten, azken egun hauetan, Foruzaingoak gomazko pilotak erabili izana? Esaten dena ez da fake-news intoxikatzailea izanen? Edo Polizia Nazioanalaren pilotak izanen dira? Akaso, Olinpoko jainko puruen pilotak zerutik erortzen ari zaizkigu?