Nafarroako aurrekontuak: hitzetik ekintzetara pasatzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Saioa Urriza 2024ko urr. 22a, 18:42

10 urte igaro dira jada UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik. Urte haietan praktikatzen zen politika neoliberala irauli ahal izateko denbora sobera. Baina ez da horrela izan, fiskalitatearena bezalako gai sentikor batean. Gaur egun, Nafarroan fiskalitate bidegabea dugu (batez ere langileok ordaintzen dugu), eta ez nahikoa.

Premiazkoa  da skoneko erreforma fiskala egitea, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Hala ere, iaz gertatutakoa aurrekari txarra da: PSNk, Geroa Baik, Contigo Zurekin taldeak eta EH Bilduk adostutako zerga erreformak UPNren oniritzia izan zuen, eta aldeko botoa emango zuela ere iragarri zuen, nahiz eta azkenean ez zuen egin Iruñeko Udalaren zentsura mozioa zela eta.

UPNk Nafarroan egiten ari den zerga politika partekatzeak gogoeta eginarazi beharko lieke haien burua ezkertiartzat edo aurrerakoitzat duten alderdi politikoei.

Horren aurrean, langileoi mobilizatzea dagokigu: asteazkenean, hogeita bigarren greba eguna dugu Nafarroako erresidentzien lehen hitzarmena lortzeko. Eta urriaren 29an,  beste greba egun bat eremu publikoan kalitatezko hezkuntza publikoa eskatzeko.

Nafarroako aurrekontuen bidez, aldarrikapen horietan aurrerapausuak eman behar dira. Datozen asteetan bi greba horiek aurrekontuen negoziazioarekin batera garatuko dira. Langileok kaletik egingo dugu indarra; alderdiei, berriz, eskatzen diegu hitzetatik ekintzetara pasa daitezela. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!