Bizia sentitzen dut alboan

Erabiltzailearen aurpegia Uxue Razkin 2019ko mai. 20a, 16:40

Negar egiteko, oihukatzeko eta besarkatzeko tartea izan dut nire zimenduak hondoratu zirenetik. Gainera erortzen zitzaidana ulertzeko eta onartzeko aukerari ere ez diot uko egin. Aurrera egin dut baina ez dut gezurrik esango, batzuetan egoerak nekatu egin nau.

Hondoratu ninduen albisteak, eta irteerarik gabeko espazioan ibili nintzen noraezean. Negar ozenak eta isilak pairatu nituen, nire sinesgaiztasunaren kariaz. Aukeratutako bakardadeak laster besarkatu ninduen. Zentzutasunak alde egin zidan. Beharrezkoa den epeltasun hori ere galdu egin nuen. Egoerak erabat saminduta utzi ninduen. Laster, kaos horren zipriztinak iritsi zitzaizkien gertukoei. Lagunei. Familiari.

Tristezia eta pena barruraino sartu zaizkit oharkabean. Baina batzuetan poztasuna etortzen zait bisitan. Pentsa zeinen zoragarria den hurbiletik barre algarak entzutea. Nire pentsamenduan heriotza indarrez sartu den arren, bizia sentitzen dut alboan.

Denbora aurrera doa, eta horrek disonantzia egoeran utzi nau. Gauzak ez daude ondo. Eta aldi berean ondo daude.

Jada ez naiz erlojuaren orratzen beldur. Etxe honetan beti entzun dut etorkizunari beldur diona ez dela bizi. Eta nik bizi nahi dut.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!