Gizarteko zenbait arlotan atzera goazela argi gelditu da. Ez diot Espainiako Hauteskunde Orokorretan Vox bezalako alderdi bat Kongresuan sartu delako, ez horregatik bakarrik behintzat. Iragarki batez ari naiz, Amaren egunaren harira El Corte Inglesek atera duen iragarki matxista eta patriarkalaz, alegia.
Zur eta lur gelditu nintzen Twitterren ikusi nuenean. Iragarkian emakume baten argazkia agertzen da; gainean, testu xumea bezain onartezina: “%97 entregatua, %3 berekoia, %0 kexatia. %100 ama”. Hau da, horiek dira ama eredugarri bihurtzen zaituzten ezaugarriak. %100 ama baino, %100 esklabo. Okerrena da iragarki horretan agertzen den amaren definizio hori jende askok duela barneratuta, eta pentsamendu hori oso arriskutsua da zinez.
Iragarki hori bezain arriskutsuak iruditu zitzaizkidan, Amaren eguna zela eta, liburu dendara etorri ziren erosle askoren eskaerak. Izan ere, hurbildu ziren gazte eta mutil gehienek, eta neska batzuek, nobela erromantikoak eskatu zizkidaten eta horrek bereziki sumindu ninduen, arau bat izango balitz bezala, nobela klase hori amekin lotzen zutelako zuzenean. Asko ideia harekin etorri zirenez, harriturik, galdetu egin nuen: “Zergatik eleberri erromantikoa?”. Gazte batek espero ez nuen erantzuna eman zidan: “Ez dakit... amei gustatzen zaizkien rolloak dira”. Hori entzun eta berehala, hasperen egin nuen eta bi aldiz pentsatu gabe beldurrezko eleberriak erakutsi nizkion. Uste dut ez zuela ezer ulertu.