Bi miliotik gora dira Ukraniatik ihes egin duten pertsonak, ia erdia haurrak eta gainerakoak emakumeak. Nafarroa osoa ia halako lau. Hamabost bat egunetan. Irudiek erakusten dute hori, baina kosta egiten da zer ikusten ari garen ulertzea eta baita onartzea ere.
Gerra guztiak berdinak dira, baina gu ez gara berdinak gerren aurrean. Gu hunkitu egiten gara hurbil ditugunean, eta beste aldera begiratzen dugu liskar horiek urruti geratzen zaizkigula uste dugunean.
Oraingo gerra hau hipotesia baino ez zen joan den hilean. Yuval Noah Harari idazle eta pentsalariak zioen orduan hau ez zela besteak bezalako konflikto bat izango, mundua suntsitzeko gaitasuna duten potentzien arteko lehia estua eta erabatekoa baizik. Eta are gehiago, froga definitibotzat jotzen zuen, esango diguna gizakion eboluzioaren kate luzean, gure hika-mikak ebazteko borroka ez den sistema berri bat erabiltzeko gai ote garen. Oraingoz, ikuspunturik ezkorrena doa, buruz buruko honetan, lehen postuan.