Hotza egiten du, hori ez da albiste. Ez hemen, ezta Frantzian ere, non neguan 500 etxegabe inguru akabatzen dituen hotzak urtero, batez beste. Horietako bat, 84 urteko gizon bat, jendez lepo egoten den Pariseko kale-kantoi baten hilik aurkitu zuten urtarrilaren 20ko goizaldean.
Kaletik zihoala erori eta altxatu ezinik egon zen bertan, bederatzi orduz. Ingurutik pasa zirenek ikusi ere ez zuten egin, edo ez ikusiarena egingo zuten. Laguntzarik gabe, hantxe zerraldo geratu zen.
René Robert zuen izena, eta entzute handiko argazkilaria zen, museo handietan erakusketak egindakoa. Bere argazki-kamerarekin mundua erakutsi zuelako ospetsua zen Frantzian. Eta hil ere, mundua erretratatuz hil egin da: hilotzen aurrean ikusi gabe ibiltzen garen bihozgabeak gara. Baina, itxuraz, hori ez da albiste.