Txoriak existitzen direla dioen mezua argitara eman du Estatu Batuetako defentsa-sailak. Birds are real, idatzi dute Twitterren, txio batez. —ederra ironia—. Zabaldu da hango jendartean txoriak ez direla existitzen, nonahi ikusten ditugun txolarreak are usoak ere, antza, dronak direla, gu zelatatzeko gobernu maltzurrek han jarritakoak.
Bertorld Brech-ek zioen: "Nolako garaiak dira hauek, zeinetan begien bistakoa dena ere defenditu behar baita". Gezurra iritzi-askatasunaren esparruan kokatu da eta ez bakarrik pandemia bat, baita kotxeko kristalak zikintzen dizkiguten txorien kaka bera ere konspirazio baten parte direla uste izateraino iritsi gara.
Zoro batzuk baino ez direla pentsa dezakegu, baina kontuz, ez baitira horregatik arrisku gutxiagokoak. Diskurtso publikoa ebidentziak ukatuz sortzen dutenak nonahi daude, baita, adibidez, Nafarroako hiriburuko udalbatzako buru ere.