Itxialdian, baikortasuna

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Gaztelumendi 2020ko urr. 2a, 17:04

Zoriontasunaren aldeko hitzak nahi nituzke idatzi, esan, kontatu… Poztasunaren aldeko manifestua idatzi, kanta eder bat eskaini bizitzari. Euskalerria irratiaren uhinetatik baikortasuna hedatu. 

Baina idazten ditudan, esaten ditudan hitz hauek ezinetik sortu dira. Itxialdi bete betean sortutakoak dira. Eguraldi lanbrotsua dakusat leihotik begiratzean, pilotariak greba baten atarian frontoietan, inguruko herrietako enpresak itxiko dituztela diote albistegiek, Plateruena kafe antzokiak bere jarduna zelan amaitu asmatu behar duela, Trump bera ere koronabirusak jota…. eta gu itxialdian. 

Etxeko guztiok lau horma hauen artean eman ditugu azken bi asteak. Positiboak, probak, covid …. sukarra eta telefono dei artean. Eta hala ere, itxialdi bete betean baikortasuna darie gure pentsamenduei. Kirola egin nahi genuke, kalera atera eta lagunekin berbetan aritu, egoera politikoari buruzko gure iritziak plazaratu eta aldarrikatu, eguraldiari aurpegi onarekin begiratu, umorearen jabe egin... baina munduari leihotik begiratzea baino ez dagokigu oraindik. 

Izan bitez euskalerria irratiko irrintzi hauek gure pentsamendua eta gogoetak plazaratzeko une, mendebaldetik ekidaldera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!