Amildegi ertzean

Erabiltzailearen aurpegia Mikele Lopez De La Hoz 2021ko ots. 18a, 17:19

Dakizuenez batxilergoko bigarren mailan nago, dagoeneko bigarren ebaluaketako azterketak egiten, ondoren badakizue, 3. ebaluaketa, selektibitatea, eta gero... gero zer? Nire buruari galdera hori kurtso hasieratik egiten egon naiz, eta gerturatzen ari naizen arren, erantzunik gabe jarraitzen dut oraindik. Nire inguruan lasaigarri izaten saiatzen diren bi pertsona mota ditut. 

Alde batetik, erabakiari garrantzia kentzen saiatzen direnak; hauek, medikuntza ikasi eta orain telebistan lanean dagoen aurkezlea aipatu edo haiek patuarekin izan duten istorio pertsonala kontatzen didate. 
Bestalde, bokazioaren detektibeak ditugu. Gustatzen zaizuna bilatu eta hori jarraitzea bezain erraza omen da dena. Eta bai, funtsean arrazoi osoa dute, baina guztiok ez dugu ikaragarrizko grina sorrarazten digun lanbide bat, eta gaur egun ditugun aukera guztiekin aukeratzea zailagoa baino ez da bihurtu.

Beharbada, orain hartzen dugun erabaki batek ez ditu gure bizitzako hurrengo 60 urteak baldintzatuko. Agian, bizitzak hamaika bira ematen dituela diotenek arrazoia dute. Hau jakinda ere, erabaki honek amildegi baten ertzean egotea bezain beldurgarria izaten jarraituko du; zure azpian ura dago, milaka lagunek salto egin dute zure aurretik, egiteko gai zarela badakizu, baina erortzean harri zorrotz batekin topo egingo duzula pentsatuko duzu beti.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!